LEY DEL DEPORTE DEL PAIS VASCO

EN EUSKERA

Ley 14/1998, de 11 de junio, del deporte del País Vasco

REPRODUCCION DEL TEXTO PUBLICADO EN EL BOLETIN OFICIAL DEL PAIS VASCO DEL 25.6.98


SI DESEA BAJARSE EL TEXTO EN FORMATO PDF O VISUALIZARLO, HAGA CLICK AQUI

(NOTA: Para visualizarlo necesita tener instalado el programa Acrobat Reader 3.0)


 

EKAINAREN 11KO 14/1998 LEGEA, EUSKADIKO KIROLARENA

ZIOEN ADIERAZPENA

I.- Euskal Autonomia Erkidegoak erabateko eskumena du kirol-gaietan, Autonomi Estatutuaren 10.36. artikuluak dioenaren arabera. Eskumen horren babesean Legebiltzarrak, kirolak gure egungo gizartean, hezkuntzan, osasunean eta ekonomian duen garrantzia ikusirik, otsailaren 19ko 5/1988 Legea, Soin Kulturarena eta Kirolarena, onartu zuen. Kirolaren arlo ugariak antolatzeko beharraren ondorioz sortu zen legea, ordura arteko arauketa eta egituraketa urriak ziren eta.

 

 

 

Hala ere, kirolaren ezaugarriak dinamismoa eta etengabeko aldaketak izan dira betidanik. Kirol-mundua aldakorra da bere ezaugarrietan eta ezin ditu eduki betirako printzipioak eta inoiz indarra galtzen ez duten arauak, ordenamendu juridikoaren beste zenbait sektoretan gertatzen den modura. Hori dela eta, argi dago 5/1988 Legea onartu zenetik kirolean izugarrizko aldaketak gertatu direla, Estatuan nahiz nazioarteko eremuan. Horrenbestez, legea gizarteko errealitate berrira egokitzeko beharra ikusi da.

 

 

 

Eztabaidaezina da 5/1988 Legeak izan duen egiteko garrantzitsua. Gehienek aitortu diote kalitate teknikoa eta balio politikoa nahiz kirol arlokoa. Hala ere, lege hori indarrean egon den bitartean, antzeman da kirolaren zenbait arlori emandako tratamendua ez dela guztiz egokia izan. Urteetan zehar, halaber, ikusi da arazo larriak gertatu direla eta ez zegoela araurik arazo horiei aurre egiteko. Beraz, ezinbestekoa da arazoei ahalik eta azkarren legearen bidez erantzuna ematea.

 

Esandako guztiak nahikoa arrazoi dira etapa berri bati ekiteko eta indarrean dagoen kirolari buruzko legedia berritzeko, izan diren aldaketetara egokitzeko eta, horrezaz gain, urrutirago doan ikuspegia harturik etortzekoak diren aldaketetarako prestatzeko. Gauza jakina da euskaldunek jarrera ona izaten dutela edozein kirol-jardueratan parte hartzeko eta gaitasun handia dutela kirol-ekintzak antolatzeko, eta horrek lege-esparru berria eskatzen du eta behin betiko bultzada, une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen egiturari eusteko.

 

Gorabehera horiek kontuan hartuta, arau-mailarik gorenaren bidez antolatu da kirola, hots, lege baten bidez. Legea gainerako autonomia-erkidegoetako arauak baino harago doa, hainbat arazo bildu ditu eta arau-esparru bat egituratu du euskal kirolak dituen errealitate guztietarako.

 

II.- Orain aldarrikatzen den legearen I. titulua aplikazio-eremuari eta printzipioei buruzkoa da, eta hartan aurreko testua errespetatu da funtsean. Proposatu diren aldaketak teknika juridikoari eta edukiari buruzkoak dira. Teknika juridikoaren aldaketei dagokienez, ahalik eta gehien sinplifikatu da herri-agintarien jardueraren printzipio gidariak biltzen dituen apartatua. Nabarmentzekoa da, bereziki, herri-aginteek kirol-praktika bermatu beharra dutela laguntza pribatua sustatuz. Kirolerako ekonomi baliabideak eskuratzeko, sektore pribatutik lortu behar da finantzazioa, ekintza publikoaren osagarri izan dadin. Printzipio gidari berriak sartu dira, halaber, kiroletik indarkeria erauzteko, emakumea kirolean maila guztietan sartu ahal izateko baldintzak bultzatzeko, dopatzea zigortzeko edo, adibidez, unibertsitatean kirola sustatzeko.

 

 

 

 

 

III.- II. tituluak, Estatuaren eta gainerako autonomia-erkidegoen legeen egitura jarraituz, kirolaren lehiaketa-antolaketaz dihardu, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen ondorioz onartutako jarraibideetatik abiatuta (lege hori Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Jardute Erakundeen Arteko Harremanei buruzkoa da). Oraingo legeak aurreko legearen ildo beretik sakondu du eta eskumeneko arloak zehatz-mehatz mugatu ditu, 5/1988 Legearen indarraldian izan diren interpretazio-desadostasun ugariak ekiditeko.

 

IV.- III. titulua euskal kirolaren elkartze-egitura antolaketa-arlo guztietan arautzeari buruzkoa da. Hainbat gauza berri dakartza araudi berriak. Aipagarria da, lehenik eta behin, kirol-sozietate anonimoei egiten zaien beren-beregizko aitorpena. Bigarrenik, federazio-sarea berregituratzea pentsatu dugu, orain arte neurri desegokikoa izan baita eta arazo bereziak izan baititu. Federazioen atomizazio kezkagarriari konponbidea bilatu nahi izan diogu, kirol-federazio asko baititugu Euskal Autonomia Erkidegoan ia ezarpenik gabekoak eta kirol-jarduera urria kudeatu dutenak, altxor publikorako onartezinak diren kostuekin. Horrenbestez, baldintza berriak ipini dira kirol-federazioak sortzeko, eta behar bezalako ezarpenik ez duten kirol-motek ez dute aukerarik izango kirol-federazio bihurtzeko. Horrezaz gain, lege-mailako hainbat mekanismo jaso dira kirol-federazio batzuk sortarazteko izan ziren arrazoiak desagertzean aitorpen ofiziala ezeztatzeko. Kirol-federazioei esleitutako egiteko garrantzitsuak aintzat harturik, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaileak baitira bakoitzari dagokion kirol-mota antolatzeari dagokionez, hainbat manu sartu dira parte hartzeko eta kontrolatzeko, bai eta babesteko eta laguntzeko ere. Lege berriak, halaber, kirol-federazioetako xedapenak aldizkari ofizialetan argitaratzeko nahitaezkotasuna jaso du. Bestalde, kirol-elkartearen nozioa berritu egin da, aurreko legean izandako esperientzia txarra kontuan hartuta.

 

 

 

 

 

 

V.- IV. titulua kirol-lehiaketei buruzkoa da, eta lehiaketen sailkapen koherentea egin du kirolaren lehiaketa-eremuak kontuan hartuta. Testuak, halaber, garrantzi handiko ezaugarri bat jaso du: baimen-motek izan behar duten izaera arautu esplizitua eta baimen horien gutxieneko edukia eta eraginak.

VI.- V. tituluak kirol-sistema guztien euskarrietako batez dihardu: eskola-kirolaz. Kirola garrantzitsua da eskolako ikasleen heziketa osorako, nortasunaren garapen harmonikorako eta baldintza fisiko eta prestakuntza egokiak lortzeko, gerora begira ere kirola egiten jarraitu ahal izan dadin. Hori da legeak kontuan hartu duena eta ez du aldaketa handirik ekarri. Eskola-kirola arautzen duen kapitulua legearen beste titulu batzuetan eskola-kirolaz bildu diren aurreikuspenekin osatu da.

 

 

Arreta berezia eskaini zaio, halaber, unibertsitate-kirolari, unibertsitatearen autonomia errespetatuta beti ere. Kirola gizarteratzeko edozein prozesutan ezin dugu unibertsitatea alde batera utzi. Kirol eta gizarte garapen handiko herrietako esperientziak erakusten digunez, unibertsitatea erakunde aproposa da kirol-jarduera hedatzeko erronka bere gain hartzeko, kirol-jardueraren jarraipena ziurtatzeko adin egokian dagoen biztanleria baitauka bere baitan.

 

VII.- Kirol-teknikarien prestakuntzaren eta titulazioen gaia da legearen kezkarik nagusienetako bat. Jarraibide asko diseinatu dira arlo horretan: batetik, legezko babesa eman zaio kirol-teknikari tituludunak izan beharrari, irakasteko, zuzentzeko eta bestelako jarduerak burutzeko; bestetik, bertan behera utzita dagoen kirol-teknikarien prestakuntzaren gaian sakondu da eta Kirolaren Euskal Eskola sortzea jaso da.

 

 

VIII.- VII. tituluan kirolarien asistentziaren eta babesaren arazoaz dihardu legeak. Titulu horretan nabarmentzekoa da kirolarien segurtasunaren eta osasunaren babes orokorra, edozein jarduera burutzen dutela ere. Horrekin batera, oinarrizko euskarriak dira arriskuen estaldura eta erantzukizun zibilaren sistema. Goi-mailako kirolak leku berezia dauka legean, funtsezko faktorea baita Autonomia Erkidegoko kirolaren garapenerako; eta funtsezko faktorea da bizigarria delako oinarriko kirolarentzat eta ordezkaritza-funtzioa betetzen duelako Estatuko nahiz nazioarteko lehiaketetan.

 

Legeak kontuan hartu du dopatzearen gaia ere. Agintari publikoek eta kirol-antolakundeek erantzukizun osagarriak dituztela abiapuntutzat hartuta, legeak kontuan hartu du dopatzearen arazoa diziplina-bidetik kanpo ere.

 

Kirol-medikuntzaren eta osasun-laguntzaren arloan xehetasun handiagoz zehaztu dira Administrazioaren eskumenak, bai eta diru publikoen konturako osasun-prestazioak ere. Eusko Jaurlaritzak eskumena du, halaber, pertsonen osasunerako arriskutsuak diren kirol-jarduerak debekatzeko. Horrekin batera, kirolarientzako osasun-txartela eratzeko aukera jaso da, beste herrialde batzuetan egiten den modura.

 

IX.- VIII. tituluan legeak kirol-ekipamenduen eta zerbitzuen arloa jorratu. Kirol-jarduerak ekipamendu ez arruntetara ere jo duenez, gomendagarria zen horien aipamen bereizia egitea legean. Bestalde, kirol-instalazioen erabiltzaileei legeak ematen dien babesa jaso da, eta gutxieneko kalitatea, garbitasuna eta segurtasuna ziurtatzeko baldintzak finkatu dira. Lege berriak kirol-instalazioen izaera pribatua zehaztu du, finantzazioari begira. Kirol-ekipamenduen erroldak osatzeko eta eguneratzeko betebeharrak ezarri dira, bide batez. Kirol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen arazo kezkagarria ere aipatu da lehenengo aldiz, arazo hori arautu gabe zegoen-eta orain arte.

 

 

 

X.- Kirol-lehiaketetan edo horien inguruan sortzen den indarkeriari aurre egiteko baliabideak ezartzea sustatu nahi izan du legeak. Gizartea gero eta kezkatuagoa dago indarkeriaren gorakadagatik orokorrean. Kirolarekin zerikusia duen indarkeria gizartean dagoenaren isla baino ez dugu, baina beharrezkoa da neurri batzuk hartzea kirol-jarduera garatzen den ingurunea kontuan hartuta. Kirolak heziketari eta osasunari egiten dizkion mesedeak aldarrikatzen dituen lege batek kontuan hartu behar ditu kirolaren baitako indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak. Europako Kontseiluak indarkeriari buruz landutako Europako Hitzarmenean azaltzen diren printzipioetara egokitzea izan da legearen xedea.

XI.- Legeak arreta handia eskaini dio kirol-diziplinako araubideari, eta hori kirol-egitura pribatuen bitartez gauzatuko da. X. tituluak diziplina-gaiez dihardu eta zenbait berritasun jaso ditu: azkenaldi honetan azaldu diren jokabide gaitzesgarri batzuk arau-haustetzat jotzea edo kirolaren baitatik indarkeria edo dopatzea erauzteko zigor-neurriak sartzea. Gogoan izan behar da, halaber, aurreko 5/1988 Legeak arau-hauste gutxi batzuentzat baino ez zuela jaso zigor-ahalmena; horren ondorioz, kirol-federazioetako gobernu eta ordezkaritza organoetako kideen hainbat egintza edo ez-egite inolako zigorrik gabe geratu ohi ziren. Egoera horren aurrean, lege berriak zehaztu egin du, zabaldu egin du kirol-diziplinaren kontzeptua. Hala, behar bezala bete da legezkotasunaren printzipioa eta ezinbestekoak diren oinarrizko elementuak ezarri dira, eta horietatik abiatuta zehaztuko da araudi bidez kirol-diziplinaren eduki osoa.

 

 

 

XII.- XI. tituluan zigorren lege-esparru berria jaso da. Era horretara, bete egin da Konstituzioak herri-administrazioaren zigor-ahalmena lege-mailako arau batez babesteko duen beharkizuna. Kirola gizartean oso sartuta dagoenez, aginte publikoek gero eta parte-hartze handiagoa izan ohi dute kirol-ekitaldiak arautzen. Arautze horren beharra onartzen bada, ezinbestez eduki behar da zigor-araubide zehatza, kirolean jarraitu beharreko arauak maiz hausten baitira. Horrela, bada, arau-hausteen larritasunaren sailkapen berria egin da eta zigorren zenbatekoak eguneratu egin dira. Otsailaren 19ko 5/1988 Legean jasota ez zeuden hainbat jokabide ere arau-hauste gisa tipifikatu dira lege berrian.

 

 

 

 

Horrenbestez, legeak bete egin du konstituzio-jurisprudentziak mugatzen duen legezkotasun-printzipioa, zigor-araubideari buruzko kapituluan bezalaxe. Era berean, oinarrizko eta ezinbesteko elementuak ezarri ditu, horietatik abiatuta zigor-araubidearen eduki osoa araudi bidez zehazteko.

XIII.- XII. titulua kirol-justiziari buruzkoa da, eta formula estrajudizialak jaso ditu kirolaren baitan azaltzen diren gatazkak erabakitzeko. Gatazka horiek gero eta maizago ari dira judizialak bihurtzen eta lehiaketako kirolaren dinamismoa ez da ondo moldatzen Justizi Administrazioaren jarduera ez oso egokiarekin. Horregatik, kiroleko arbitratzeari lege-mailako instituzionalizazioa ematearen aldeko apustua egin dute Estatuko 10/1990 Legeak eta erkidegoetako legeek. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-legediak ez zuen aurreikuspenik orain arte eta beharrezkoa zen legea berritzea, legean formula estrajudiziala sartzeko. Legearen testua idazterakoan, zuzendu nahi izan da arbitratzearen eta kontziliazioaren artean dagoen nahastea, beste erkidegoetako lege batzuetan gertatu dena, eta ezabatu egin dira lege horietan azaltzen diren justifikaziorik gabeko murrizketak. Berritasun gisa, kirol-federazioak derrigortuta daude arbitratze-formulak aurreikustera eta arautzera beren kideen artean sortzen diren auzietarako.

 

Titulu honetan jorratu den beste arazoetako bat oraingo Kirol Diziplinako Euskal Batzordearen eskumen-eremu murritza zabaltzea izan da; lehen diziplina-gaiak hartzen zituen bakarrik eta ezin zituen erabaki bestelako kirol-auziak. Lege honek kirol-mugimenduaren aspaldiko nahia bete du gure Autonomia Erkidegoan: Kirol Justiziako Euskal Batzordea edukitzea, eskumena izango duena hauteskunde-prozesuekin, federazio-lizentzien tramitazioarekin, maila igoerekin eta jaitsierekin eta abarrekin zerikusia duten gaietan erabakitzeko.

XIV.- Azkenik, "esparru-lege" baten aurrean gaudela nabarmendu behar da. Legearen helburua estaldura zabala ezartzea izango da, etorkizunean kirolean gerta daitezkeen aldaketetara unean-unean araudi bidez egokitu ahal izateko. Legearen arauketa zabala izan da, hain zuzen kirolari buruzko gai eta arazo asko jorratzen dituelako oinarrizko mailan, baina oinarrizko arauketa horrek ezinbestekoa izango du araudi bidez osatzea. Azken finean, arau ireki eta malguaren aldeko apustua egin dugu, kirolak hain ezaguna duen dinamismorako egokia izan dadin.

 

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua eta aplikazio-eremua

Euskal Autonomia Erkidegoan kirola arautzea da lege honen helburua.

2. artikulua.- Printzipio gidariak

1.- Kirola interes publikoko gizarte-jarduera da, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria.

2.- Pertsona guztien funtsezko eskubidea da kirola askatasunez eta norbere borondatez egitea.

 

3.- Aginte publikoek, zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, eskubide hori behar bezala gauzatzea bermatuko dute. Horretarako, burutuko duten kirol politikak printzipio hauek izango ditu oinarrian:

a) Hezkuntza-sisteman kirolari eta gorputz-hezkuntzari lekua ematea.

b) Kirol-elkarteak bideratzea eta sustatzea, bai eta kirol arloko antolakuntza-egitura pribatuak onartzea eta babestea ere.

 

c) Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea kirol-federazioen parte-hartzearekin.

 

d) Kirol-jarduera gizarte-maila guztietara, batez ere ahulenetara, zabaltzeko programa bereziak onartzea eta burutzea.

 

e) Lehiaketa-kirola bideratzea eta sustatzea.

 

f) Kirol arloan ikerkuntza zientifikoa bultzatzea, kirolaren kalitatea hobetzeari begira.

 

g) Kirol-teknikarien prestakuntza bideratzea eta bultzatzea Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen eta kirol-federazioen parte-hartzearekin.

h) Kirolarientzako mediku-laguntzako sistema espezializatua bideratzea eta bultzatzea.

i) Kirol-instalazioetan segurtasuna eta higienea aurrezaintzeko eta kontrolatzeko sistema bat bideratzea eta bultzatzea, ezinduak modu errazean sartu-irtetea bermatuz.

j) Behar diren neurriak hartzea kirola eta kirolariak helburu politiko, ekonomiko edo bestelakoen gehiegizko esplotaziotik babesteko.

 

k) Indarkeria kirol-mundutik erauzteko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

l) Kirol-ekitaldietan parte hartzen dutenei arriskuen estaldura egokia bermatzeko neurriak hartzea.

 

m) Lankidetza arduratua izatea kirol arloan herri-administrazioen artean eta herri-administrazioen eta kirol-federazioen eta/edo beste edozein kirol-erakunderen artean.

n) Ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak dituzten herritarren artean kirol-ekintzak sustatzea, zeharo gizarteratu daitezen laguntzeko.

 

ñ) Emakumea maila guztietako kirol-praktikan sartzea erraztuko duten egokierak sustatzea.

o) Kirol-jardueretan naturaz modu egokian baliatzea bultzatzea, ingurugiroaren babesarekin bateragarria izan dadin.

 

p) Kirol-instalazioen ahalik sarerik onena planifikatzea eta sustatzea.

q) Kirola aisialdi-aukera eta osasun-ohitura modura sustatzea, helburu hori lortzeko egokiak diren kirol-ekintzak aldeztuz.

 

r) Oinarriko kirola, batez ere eskola-kirola, bideratzea eta sustatzea, euskal kirola maila guztietan garatzeko eragilea den neurrian.

s) Euskal kirolari laguntzea Estatuan nahiz atzerrian.

t) Euskal Herriko kirol-motak babestea eta sustatzea.

u) Kirola kultur osagaitzat eta gizarte-bateratzailetzat aitortzea.

 

v) Ideario olinpikoa onartzea eta babestea, eta dopatzea eta osasunaren nahiz pertsonaren duintasunaren aurkako beste edozein jokabide kiroletik erauzteko neurriak hartzea.

w) Kirolaren babesle pribatuak sustatzeko neurriak hartzea jardun publikoaren osagarri gisa.

x) Unibertsitate-kirola bideratzea eta sustatzea.

y) Espetxeetan kirol-programak sustatzea, presoen gizarteratzea lortzeko.

 

 

II. TITULUA

ADMINISTRAZIO ANTOLAKUNTZA

3. artikulua.- Xedapen orokorrak

Euskadiko kirolaren antolakuntza instituzionala herri-administrazioen deszentralizazio, koordinazio eta eraginkortasun printzipioetan oinarrituko da bakoitzari dagozkion eskumenak erabiltzerakoan, kirol-federazioen, kluben eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin. Kirol-federazioek, herri-administrazioen ordezkari laguntzaile diren aldetik, haiekin aktiboki hartuko dute parte Euskadin kirola antolatzen eta garatzen.

 

4. artikulua.- Erakunde komunak

1.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunek kirol arloan Euskal Autonomia Erkidegoari Autonomi Estatutuaren indarrez dagozkion eskumen guztiak erabiliko dituzte, salbu eta lege honetan edo gainontzeko antolamendu juridikoan lurralde historikoetako foru-organoei, udalei edo gainontzeko toki-erakundeei ematen zaizkienak.

 

2.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagozkien eskumenak hauek izango dira zehazki:

 

a) Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.

b) Kirol-diziplinako arauak finkatzea.

 

c) Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea.

d) Kirol Federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.

e) Kirola egiteko derrigorrezkoak diren gaitasun-azterketa medikoak arautzea.

 

f) Kirolaren Euskal Kontseilua arautzea eta antolatzea.

g) Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzea eta antolatzea.

h) Kirol-teknikariak prestatzeko zentroak eta horietako irakaskuntzak eta tituluak arautzea, ofizialki onartzea eta bultzatzea.

 

i) Kirol-federazioen, kirol-kluben eta gainontzeko kirol-erakundeen araubidea finkatzea.

j) Kirol-klubak interes publikoko izendatzearen arautzea.

k) Kirol-lizentzien araubidea finkatzea.

 

l) Kirol-instalazioen eraikuntza, erabilera eta mantenimendua arautzea.

 

m) Eskola-kirolaren oinarriak eta printzipioak, kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea.

 

n) Kirol-zentroak arautzea.

ñ) Era bereko irizpideak onartzea herri-administrazioek kirol-ekipamenduen erroldak egin ditzaten.

 

o) Kirol-erakundeen zuzendaritzako kideentzako estututua onartzea.

p) Autonomi Erkidegoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

 

q) Dopatzea aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

r) Naturan egiten diren kirol-ekintza arriskutsuen antolakuntza arautzea.

 

s) Indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko arauak ezartzea.

t) Kirol-mota berriak onartzeko irizpideak eta baldintzak onestea.

 

u) Jarduera jakin bat kirol-motatzat kalifikatzea.

v) Kirolariaren osasun-txartela arautzea.

 

w) Unibertsitateen arteko kirol-ekintzak bideratzea eta koordinatzea, eta Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea arautzea.

 

x) Kirol-ekitaldien antolakuntza arautzea.

 

5. artikulua.- Lurralde historikoetako foru-organoak

 

Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek erabiltzea:

 

a) Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-kirolaren arloko arauak garatzea eta udal-aministrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.

 

b) Kirola guztientzat sustatzeko kirol-politika onartzea eta udal-administrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.

 

c) Kirol-erakipamenduen arlokako lurralde-planak onartzea.

d) Lurralde historikoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

 

e) Kirol-ekipamenduak eraikitzeko, zabaltzeko eta eraberritzeko finantzaketa-planak onartzea eta gauzatzea.

f) Goi-mailako kirolean etorkizun oparoa izan dezaketen kirolariei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea.

g) Lurraldean helbidea duten klubei eta gainontzeko kirol-elkarteei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea. Horretarako, diru-laguntzak eskainiko dira eta elkarteek beren ekintzak diru-laguntzen helburuetara egokitzea kontrolatuko da.

h) Lurraldeko kirol-federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.

 

i) Udalaren kirol-zerbitzuak koordinatzea eta laguntzea eta zerbitzu horien kudeaketa bateratua bultzatzea.

j) Lege honen eta legea garatzen duten arauen indarrez dagozkien gainerako eskumenak eta egitekoak baliatzea, baita eta azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskualdatu edo eskuordetu daitezkeenak ere.

 

6. artikulua.- Udalak

Udalei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek betetzea:

 

a) Lurralde historikoetako foru-organoek onartutako eskola-kiroleko programak burutzea, haiekin koordinatuta jokatuz.

b) Udalaren kirol-ekipamenduak eraikitzea, zabaltzea eta hobetzea, eta orobat kudeatzea eta mantentzea ere.

c) Kirol-ekipamenduen hirigintza-plangintza egiteko tresnak onartzea eta gauzatzea.

 

d) Udalaren kirol-ekipamenduen erabilera arautzeko ordenantzak onartzea.

e) Lurralde historikoetako foru-organoek kirola guztientzat zabaltzeko onartutako programak gauzatzea.

f) Udalaren kirol-ekipamenduen errolda bat onartzea eta eguneratzea.

g) Lege honen, gainontzeko legezko xedapenen eta lege hau garatzeko arauen indarrez dagozkien eskumen eta egitekoak baliatzea, bai eta eskuordetzan eman dakizkiekeenak ere.

 

 

7. artikulua.- Kirolaren Euskal Kontseilua

1.- Kirolaren Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten gaietan aholkularitza emateko, kontsulta eta jarraipena egiteko eta eztabaidatzeko herri-administrazioen arlo-organo nagusia izango da, eta Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.

2.- Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko foru nahiz udal administrazioen eta euskal kirol-federazioen ordezkariek osatuko dute Kirolaren Euskal Kontseilua. Halaber, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularrak kirol-munduan ospe handia dutenen artean izendatutako pertsona batzuk ere kontseiluko kide izango dira.

 

3.- Kirolaren Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez ezarriko dira. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da kontseiluak esku hartzea kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuetan".

 

 

8. artikulua.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea

1.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen sailari atxikita dagoen organo independentea da. Bere helburua da mugimendu olinpikoa garatzea, ideal olinpikoak zabaltzea eta euskal kirolariak Joko Olinpikoetarako presta daitezen, haietan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten sustatzea.

 

2.- Honako hauek izango dira Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideak: Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularra, batzordeko lehendakari; kirol-mota olinpikoak dituzten euskal kirol-federazioen ordezkariak eta kirol-munduko pertsona garrantzitsuak.

 

3.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak euskal federazioen partaidetza izango du eta Euskal Herriko kirolen sustapena bultzatuko du.

 

4.- Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere erakuntzari, antolakuntzari eta jardunbideari buruzko gorabehera guztietarako, lege hau eta berau araudi bidez garatzen duten xedapenak izango ditu araubide.

III. TITULUA

KIROL ERAKUNDEAK

1. kapitulua

Xedapen orokorrak

9. artikulua.- Kirol-erakunde motak

Lege honen ondorioetarako, kirol-erakunde motak hauek izango dira: kirol-klubak, kirol-elkarteak, kirol-sozietate anonimoak, kirol-federazioak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna.

 

10. artikulua.- Izenak

Kirol-kluba, kirol-elkartea eta kirol-federazioa izenak lege honetan izen horiekin arautu diren erakundeek erabiliko dituzte bakar-bakarrik. Debekatuta dago nahasbide gerta daitekeen izen berdin edo antzeko oro erabiltzea.

 

2. kapitulua

Kirol-klubak

11. artikulua.- Kontzeptua eta araubide juridikoa

1.- Lege honen ondorioetarako, kirol-klubak elkarte pribatuak izango dira, irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak. Pertsona fisiko edo juridikoek osatuko dute, kirol-mota bat edo gehiago sustatzea edo praktikatzea helburu dutenak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe.

2.- Kirol-klubek, eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, kluben beren estatutuak eta araudiak, eta kluben organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

 

3.- Atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie klubei.

 

4.- Kirol-kluben estatutuek araudi bidez zehaztutako gaiak arautu beharko dituzte. Era berean, demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera finkatuko dute beren barne-egitura eta jarduera-arauak, eta ordezkaritza eta administrazio organo guztien hautaketa bazkide guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz egitea zehaztuko dute.

 

 

5.- Kirol-klubek eratze beretik izango dute nortasun juridikoa, eta erregistroan inskribitzeak, bakar-bakarrik, lege honen ondorioetarako onarpen ofiziala adieraziko du.

3. kapitulua

Kirol-elkarteak

12. artikulua.- Kontzeptua eta araubide juridikoa

1.- Pertsona juridikoak Kirol Erakundeen Erregistroan sartu ahal izango dira baldin eta beren helburu nagusiaren osagarri gisa burutzen badituzte kirol-ekintzak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe. Horretarako, nortasun juridikorik gabeko kirol-elkarteak sortu ahal izango dituzte beren baitan.

2.- Kirol-elkarteek, eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, erakunde nagusien menpeko gisa dituzten arauak eta beren organoek legez hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

 

3.- Atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie kirol-elkarteei.

4. kapitulua

Kirol-sozietate anonimoak

13. artikulua.- Araubide juridikoa

Euskal Autonomia Erkidegokoan helbidea duten kirol-sozietate anonimoek arlo honetan Estatuan dagoen berariazko legedia izango dute jarraibide.

14. artikulua.- Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzea

1.- Elkarte-helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-sozietate anonimoek, lege honetatik eta ondorengo araudietatik eratorritako onura bereziak jaso nahi baldin badituzte, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute.

 

2.- Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzen diren kirol-sozietate anonimoak kirol-klubtzat joko dira kirol-federazioetan inskribitzeari eta parte-hartzeari dagokionez.

 

3.- Inskribitzeko jardunbidea eta baldintzak araudi bidez zehaztuko dira.

5. kapitulua

Kirol-federazioak

15. artikulua.- Kontzeptua eta araubide juridikoa

1.- Lege honen ondorioetarako, kirol-federazioak erakunde pribatuak izango dira, irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak, beren lurralde-esparruan kirol-mota bera sustatzen edo praktikatzen duten kirolari, teknikari, epaile, elkarte eta taldeak bilduko dituztenak.

 

2.- Kirol-federazioek lege hau, legea garatzeko xedapenak, beren estatutuak eta araudiak, eta beren organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

3.- Kirol-federazioek, beren eskurantzez gain, administrazio-egiteko publikoak ere burutuko dituzte eskuordetzan. Kasu horretan, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaile gisa arituko dira.

 

16. artikulua.- Kirol federatuaren antolakuntza

1.- Euskadiko kirol-federazioak lurralde-federazioetan eta euskal federazioetan antolatuko dira.

 

2.- Lurralde-federazioek lurraldean beren kirol-motan ofizialak diren kirol ekintza eta lehiaketak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.

3.- Euskal federazioek beren kirol-motako Erkidego-esparruko kirol ekintza eta lehiaketa ofizialak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.

4.- Aisialdiko kirol-jarduera ere bultzatu beharko dute lurralde-federazioek eta euskal federazioek, zeinek bere kirol-motan.

5.- Lurralde-federazioek izango dute beren kirol-estamentuen ordezkaritza euskal federazioetan.

 

6.- Euskal federazioei baino ez dagokie euskal kirol federatua Estatuan eta atzerrian ordezkatzea, zeini bere kirol-motan. Beren kirol-selekzioek Estatuko eta nazioarteko kirol ekintza eta lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bideratu beharko dute euskal federazioek.

 

7.- Lurralde-federazioek beren kirol-motako euskal federazioetan sartu beharko dute.

 

8.- Euskal federazioetan lurralde-federazioetako kirol-estamentu guztiak egongo dira ordezkatuta.

 

17. artikulua.- Barne-egitura eta jarduera

1.- Kirol-federazioek demokrazia eta ordezkaritza printzipioei loturik arautuko dute beren barne-egitura eta jarduera beren estatutuetan eta araudietan.

2.- Kirol-federazioen estatutuek gutxienez puntu hauek arautu beharko dituzte:

 

a) Izena, egitekoa eta helburuak.

b) Helbidea.

c) Kirol-mota.

d) Egitura organikoa.

e) Federazio-organoetako titularren hautatzeko eta kargu-uzteko sistema.

f) Jarduera-arau orokorrak eta, bereziki, beren organo kolegiatuek erabakiak hartzeko modua.

g) Federazioa osatzen duten estamentuak.

h) Ekonomi eta finantza arauak.

i) Dokumentuen araubidea.

j) Kirol-diziplinako arauak.

k) Iraungitze eta desegite arrazoiak

l) Beren estatutuak eta araudiak onartzeko eta aldatzeko jardunbidea.

3.- Batzar Nagusia eta lehendakaria izango dira kirol federazioen ezinbesteko gobernu eta ordezkaritza organoak; organo horiez gain, estatutuek beste batzuk ere aurreikusi ahal izango dituzte.

a) Batzar Nagusia izango da kirol-federazioen gobernu eta ordezkaritza organo gorena. Batzarrean kirol-estamentu guztiek izango dute ordezkaritza. Batzarkideen hautaketa boto aske, berdin, zuzen eta sekretuz egingo da. Kirol-mota bakoitzaren estamentu guztietako kide federatuak izan daitezke hautatzaile eta hautagai. Araudian ezarriko dira ordezkaritza-ehunekoak.

 

b) Lehendakaria federazioko organo betearazlea izango da, federazioaren legezko ordezkaritza edukiko du, ordezkaritza eta gobernu organoen burua izango da eta organoen erabakiak betearaziko ditu. Boto aske, berdin eta sekretuz aukeratuko da eta batzarkideak hautatzaile eta hautagai izan daitezke. Inola ere ezin izango da aldi berean federazioko eta kirol-klubeko, kirol-elkarteko edo kirol-sozietate anonimoko buru izan.

4.- Bere organoak hautatzeko, kirol-federazio bakoitzak bere hauteskunde-araudi propioaren arabera egingo du hauteskunde-prozesua, Eusko Jaurlaritzak horretarako finkaturiko epearen barruan eta arauei lotuta.

18. artikulua.- Kirol-motak eta azpimotak onartzea

 

1.- Eusko Jaurlaritzak, Euskadin kirola antolatu beharrak duen interes publikoa dela eta, jarduerak kirol-motatzat kalifikatu ahal izateko irizpideak eta baldintzak eta kirol-mota berekotzat joko diren azpimotak finkatuko ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ezeztatu egin ahal izango die kirol-mota kalifikazioa onarpen hori egitea ekarri zuten baldintzak betetzen ez dituzten jarduerei.

 

 

 

2.- Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailari dagokio jarduerak kirol-motatzat kalifikatzea eta kirol-mota horren azpimotak zehaztea, Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena aztertu eta gero.

19. artikulua.- Lurralde-federaziorik ez dagoenean

 

Lurralde historiko batean kirol-mota bateko kirol-federaziorik ez badago, dagokion euskal federazioak bereganatuko ditu egiteko guztiak. Euskal federaziorik ez badago, dagokion foru-aldundiak gaitasuna eman ahal izango dio kirol-erakunde bati, gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, lurralde-federazioei dagozkien egiteko publikoak burutzeko.

 

 

20. artikulua.- Euskal federaziorik ez dagoenean

Kirol-mota batean euskal federaziorik ez badago, Eusko Jaurlaritzak gaitasuna eman ahal izango dio lurralde-federazio bati edo, ez badago, edozein kirol-erakunderi, gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, euskal federazioei dagozkien egiteko publikoak burutzeko.

21. artikulua.- Kirol-federazio berriak eratzea

 

1.- Kirol-federazio bat onartua izateko abiapuntuak hauek izan daitezke:

a) Sortu berria izatea.

b) Beste batetik banatze